19 ikastetxek parte hartu dute Aktibatu + iraunkortasun programaren laugarren fasean, orain arteko 534 ikasleren parte hartzearen ondoren

Mungialdea, Txorierri, Erandio, Getxo eta Leioako hemeretzi ikastetxe parte hartzen ari dira Aktibatu+ programaren laugarren fasean. Aktibatu+ programa Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena da eta hiritarrak bizi-ohiturak aldatzera animatzea du helburu, Bizkaian iraunkortasuna handitze aldera. Hala, programaren aurreko faseak burutu dituzten 42 ikastetxeei batu zaizkie ikastetxe horiek, orain arte parte hartu duten 534 ikasle eta 47 irakasleekin bat eginda.

Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Zinegotziak, Elena Unzuetak, programaren fase berri honen aurkezpenean parte hartu du, Alexander Boto Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariarekin eta Carlos Oppe Espainia zein Nazioarteko GAPen Zuzendariarekin batera. Bere esku-hartzean, ekimen honen garrantzia azpimarratu du Unzuetak; nabarmendu du oso baliagarria dela herritarren ingurumenarekiko kontzientzia pizteko eta, guztion eskura dauden ekintza errazen bitartez, iraunkortasun hobea lortzeko. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak oraintsu onartu duen Euskadiko Klima Aldaketaren 2050 Estrategiaren esparruan kokatu du ekimen hau Alexander Botok.

Gaurko aurkezpenean, halaber, laugarren fasea jasoko duten eskualde eta udalerrietako etxebizitzek programan parte hartzeko izen-emate epea irekitzen da. Horretarako, tresna sinple eta eraginkorrak barne hartzen dituen webgune espezifikoa dute eskuragarri. Hartara, udalerri parte-hartzaileen eta mankomunitateen webguneen bitartez sar daiteke webgunean, baita www.bizkaia21.eus webgunearen bitartez ere, Aktibatu+ atalean kontsultatua. Fase bakoitza bukatutakoan, etxebizitzei zuzendutako atalean barne hartzen diren parte-hartzaileek zozketa batean parte hartuko dute eta sari ugari eta askotarikoak jasotzeko aukera izango dute (IPad-ak, bizikletak, landetxeetan egonaldiak, liburu loteak edo bisita gidatuak Bizkaiko leku ezagunetan).

Aktibatu+ ekimena erakunde hauek sustatu dute: Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Bilbao Bizkaiko Ur Partzuergoa, Bizkaiko Garraio Partzuergoa, Eroski Taldea eta Metro Bilbao. Pertsonen bizi-ohiturak aldatzeko ideia erraz eta ekintza praktikoak proposatzen dira, betiere ur, energia, mugikortasun, erosketa eta hondakin-kudeaketa arloetan, eta ikastetxeen zein familien parte-hartzea sustatzen da.

Lehen hiru faseen balantzea

42 ikastetxeek aurreko hiru faseetan izandako inplikazioaren ondorioz, ia %20ko aurrezpena eragin du horien energia kontsumoan, baita CO2 isurietan 2 tonako murrizketa ere. Gainera, programa bukatutakoan, ikastetxe gehienetan hobetu egin zen gaikako bilketa eta zenbait hondakin mota murriztu ziren. Halaber, ikastetxe horiek hobetu egin zituzten erosketa iraunkorrerako irizpideak, hondakin gutxiago sortzeko. Bide horretan, adibidez, bidezko merkataritza produktuen erosketa areagotu dute, ontzi handiak dituzten produktu gehiago erosten dituzte (gehiegizko bilgarriak saihesteko), eta katilu eta edalontzi berrerabilgarriak eskuratu dituzte. Edizio honetan, ikastetxe horietatik hamar energia modulua lantzen ari dira eta beste 9 erosketa-hondakinen modulua.

Etxebizitzei dagokienez, gaur egun arte Aktibatu+ programa 73 udalerritan garatu da, bataz beste 1.500 etxebizitzaren parte-hartzea izanik. Eskuratutako emaitzen artean, nabarmentzekoa da energia kontsumoan %5,8ko aurrezpena izan dutela, ur kontsumoa %2,9 murriztu dutela, %1,9 hondakin gutxiago sortzea lortu dutela eta CO2 isuriak %1,7 murriztu direla, mugikortasun ohiturak aldatuz.

Metodologia

Aktibatu+ proiektuaren asmoa da parte hartzen duten ikastetxeetan energiaren kontsumoa %5 murriztea, eta etxeetan ere portzentaje berean murriztea energia zein ur kontsumoa. Halaber, erronka gisa markatzen dira gaikako bilketara bideratutako edukiontzien erabilera %12 areagotzea eta CO2 isuriak %7 murriztea.

Programan proposatzen diren ekintzak aplikatuta, %10erainoko aurrezpena lortu daiteke etxeko gastuetan eta, aldi berean, ingurua zein bizi-kalitatea hobetzea lortzen da.

Programaren metodologia erraza da. Ikastetxeen kasuan, horietako bakoitzak ikasle talde txiki bat aukeratzen du (20 bat ikasle), irakasle baten koordinaziopean. Talde horrek izango du proiektua aurrera eramateko ardura, ikastetxe osoa sentsibilizatzeko helburuz. Hasierako ikuskaritza eginez hasten da proiektua; bertan, neurketa kuantitatiboak eta elkarrizketak egiten dira, jorratu beharreko gaiaren (energia edo erosketa-hondakinak) kudeaketa ikastetxean nola gauzatzen den ezagutzeko. Ikuskaritza egindakoan, emaitzak taldean aztertzen dira, eta ondorio garrantzitsuenak jasotzen dituen txostena osatzen da. Txosten hori oinarri harturik, jorratzen ari den gaiaren inguruko ekintza eta komunikazio kanpaina garatzen ditu taldeak, eskola komunitatearen ohiturak hobetzeko. Hurrengo fasean, ikuskaritza egiten da berriro, eskuratzen diren datu berriak lehenengo neurketan jasotako datuekin alderatzeko eta izan diren hobekuntzak baloratzeko. Azken tailerrean lorpen horiek laburbildu eta eskuratutako emaitzak nabarmentzen dira.

Etxebizitzei dagokienean, programaren funtzionamenduaren lehen urratsa aktibatu + ekimenaren webgunean erregistratzea da. Parte-hartzaileak izena eman ondoren, honen eguneroko ohituren iraunkortasuna aztertzen du plataformak. Ebaluazio hori burututa, ohiturok ingurumenean duten eragin negatiboa hobetzeko aldatu beharreko alderdiak nabarmentzen dira, horretarako informazio eskuliburu praktikoak erabiliz.

  • Aktibatu +. Parte hartu eta irabazi!